“Oztoporik gabe hobe! ¡Qué corra el agua! erakusketa ibiltarian 3.000 lagun baino gehiago izan dira bisitari. Izan ere, LIFE IREKIBAI proiektuaren baitako erakusketa hainbat tokitan izan da ikusgai, 2019ko azaroaren 4tik 2020ko martxoaren 13ra bitarte, hala nola Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Iruñeko egoitzan, Bertizko Jaurerria Parte Naturalaren jauregian, Iruñeko Geltoki gunean (autobus geltoki zaharra) eta Sunbillako udaletxean. Kantaurira doazen ibaien arazo nagusia laburbildurik azaltzen da erakusketan, hau da, ibaien zatiketa, eta bertzalde, izokina dagoenekoz Elizondoraino iritsi delako albistea ageri da.
Erakusketak, hasteko, ibai baten azpia eta ingurunea birsortu ditu. Gero, ilustrazioak, mapak, grafikoak eta irudi ikusgarriak ageri dira; horien bidez, oso argi azaltzen zaigu zertan dautzan ibaietako zatiketa arazoak, izokin batek lehen pertsonan kontatzen duen istorioaren bitartez; eta bestetik, ikusgai dago zer-nolako ildoak hartu dituzten administrazioek biodibertsitatea zaintzeko politiketan, gure ibaiak hobetzeko. Gainera, ageri da zer neurri garatu diren eta zer emaitza izan diren Europako LIFE IREKIBAI proiektuan, hots, Ibai irekiak: Nafarroak eta Gipuzkoak partekatzen dituzten ibaien konektibitate eta habitaten hobekuntza. Proiektuan partaide da Nafarroako Gobernua.
LABRIT Multimedia enpresak ondu du erakusketa, betiere lankidetza estuan Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuko nahiz Nafarroako Ingurumen Kudeaketa GAN-NIK enpresako teknikariekin. Enpresa arduratu da, hain zuzen, erakusketa Europako LIFE IREKIBAI proiektuaren baitan koordinatzeaz.
Erakusketaren xedea da jendeak ibaia gehiago ezagutzea, haren zainketaren gaineko interesa eta sentsibilitatea sustatuta, eta era berean, Departamentuak, LIFE IREKIBAI proiektuaren bidez, zer-nolako lana egiten duen jakitera ematea.
Covid 19 gaitz berriak eragindako alarma-egoera dela eta, erakusketaren ibilbidea bertan behera utzi behar izan da: Lesaka, Elizondo, Doneztebe eta Leitza.