Nafarroak eta Gipuzkoak “Life + Irekibai” europar proiektua garatuko dute elkarrekin, Bidasoa eta Leitzaran ibaietako, eta haien ibaiadarretako, ibai-espezieen eta habitaten kontserbazio egoera hobetze aldera.
Gaur goizean Andoainen EAEko eta Nafarroako erakundeen arteko lankidetza proiektu berri bat aurkeztu da, Leitzaran eta Bidasoa ibaietako, eta haien ibaiadarretako, ibai-arroen hobekuntza koordinaziopean bultzatzeko. Aurkezpenean izan dira Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua; Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria; Paco Alonso, Gipuzkoako Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuko zuzendaria; Iñigo Ansola, URA euskal agentziako zuzendari nagusia, Mikel de Francisco, HAZI Fundazioaren ordezkaria.
Bi hitz uztartu dira IREKIBAI izena osatzeko: IREKI eta IBAI, alegia. Izan ere, gure ibaietako oztopoak edo arazoak ezabatzeaz arduratuko baita; beraz, gure ibaiak irekitzeaz, zentzu batean.
Proiektuaren bazkideak EAEn (Gipuzkoako Foru Aldundia, URA eta HAZI Fundazioa) eta Nafarroan (GANASA, Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa) daude. Beren gaitasunak eta eskumenak batuko dituzte, bi ibai-espazioetan kokaturiko Natura 2000 sareko Batasunaren intereseko habitaten eta espezieen kontserbazio egoera bermatzeko.
Europak ingurumenerako duen LIFE+ fidantza-tresnak proiektuaren % 60 finantzatuko du. Aurrekontua, guztira 2.999.372 € dira, 2020 urtera bitarte.
Oztopoak ezabatzea
Historiak eta geografiak baldintzaturik, Leitzaran eta Bidasoa ibaiek oztopo aunitz dituzte beren ibilian, eta guztiek ere haien jarraitutasuna eragozten dute. Horren ondorioz, ekosistemak aldatzen dira, eta horrek eragina du espezierik sentikorrenetan (ugaztun erdi urtarretan, hala nola bisoi europarrean eta muturluze piriniotarrean, eta arrainetan, hala nola izokin arruntean), espezie horien banaketa eremua murrizturik edo zatikaturik gelditzen baita. Horrekin batera, isolamendu genetikoa gertatzen da, eta bestelako ondorioekin batera, espezieen biziraupena dago arriskuan, eta era berean, bere onera etortzeko edo beste presio batzuei aurre egiteko gaitasuna.
Ibai-oztopoak, beraz, oso garrantzitsuak dira Kantauri aldeko Natura 2000 Sareko guneen kudeaketan, eta ibai-tipologiako Kontserbazio Bereziko Eremuek Kudeaketa Planen jarduketa-ildo nagusia dira.
Horixe ere izan da lan-ildo nagusia ibai-kudeaketan ardura duten Toki Administrazioentzat, hala EAEn nola Nafarroan. Esparru partekatua da nabarmentzekoa, lurralde bakoitzean sistematikoki eginiko lanari lurraldeen arteko lankidetza proiektuak gehitu behar dira, azken urteotan gauzatutakoak.
Testuinguru horretatik eta aurrez eginiko lanetatik atera da, beraz, proiektuaren helburu nagusia: Bidasoa eta Leitzaran ibaien arroan kokaturiko Natura 2000 Sareko guneetako Batasunaren intereseko ibaietako habitat eta espezieen kontserbazio egoera hobetzea.
Ideia nagusia hori izanik, berariazko helburu batzuk ere baditu:
- Oztopoak iragazkortzeko neurrien bidez ibaiak lehengoratzea; espezie aloktono inbaditzaileak kontrolatzea; ibai-ibilgu batzuetako habitatak lehengoratzea eta eraginak zuzentzea, hots, lanen kostuak eta onurak alderatuta onuragarrienak direnak: Leitzaran (Oriaren arroa) eta Bidasoa ibaiak.
- Ingurune horiek kudeatzeko eta lehengoratzeko moduaz gehiago jakitea.
- Proiektuaren emaitzak zabaltzea eta jendea oro har sentsibilizatzea gure ibaiek ingurumenari begira ematen dizkiguten balioez eta zerbitzuez.
Aurreikusitako ekintza nagusiak
Leitzaran ibaian erabiltzen ez den oztopo sorta handi bat eraisteari ekingo zaio, horiek baitira ibaiari presiorik handiena eragiten diotenak. Ibaiak, gainerakoan, ez du bestelako mehatxurik.
Guztira, 4 oztopo txiki kenduko dira Ubaran ibaiadarretik, eta ibaiaren ardatz nagusian, bururaino eramanen da Inturiako presaren eraisketa eta Oiokikoa. IREKIBAI abian jarri denetik lehen hilabeteetan arrakastaz egin den ekintzetako bat izan da Truchas Errekako arrain-haztegia kentzea; hots, presa, hormigoizko urmaelak, ubideak eta eraikin abandonatuak; guztira, hektarea bat hartzen dute ibai ondoan. Ibai-ibilguak bere hasierako egoera berreskuratu du, eta inguru horretan, landaredia berriz ere hazten ari da.
Bidasoren arroan ere ezabatuko dira ibaiari berezko funtzionamendua eragozten dioten hesi batzuk. Zehazki, Berako, Endarlatsako, Iturengo (Ezkurra ibaian) presak, eta 2 oztopo txiki Txarutako errekan.
Ekintza nagusioz gain, ibaien egoera ekologikoa hobetzea dago aurreikusia proiektuan, ibilgua eta ibaiertzak lehengoratuz. Aurreikuspenen arabera, Nafarroan bisoi amerikarrak eragin duen arazoari heldu nahi zaio; espezie inbaditzailea da, eta bisoi europarraren egoera kritikoa larriagotu du (galzorian baitago).
Azkenik, IREKIBAIk ekintzen xedeen inguruko jarraipen lanak eginen ditu, emaitzak egokiak diren edo lan moldea aldatu behar ote diren baloratzeko. Zehazki, muturluze piriniotarra, kolaka, itsas lanproia eta izokina aztertuko dira, eta era berean, funtzionatzen duten eta erabilgarri dauden arrain-pasabideak. Era berean, aztertuko da zer aldaketa eragiten dituzten ekintzek ibaietan, eta zer eragin duen proiektuak gizartean eta ibaiek ematen dituzten zerbitzuetan.
DATUAK
Proiektuko bazkideak | EAE: Gipuzkoako Foru Aldundia (bazkide koordinatzailea), URA Uraren Euskal Agentzia eta HAZI Fundazioa. NAFARROA: Nafarroako Gobernua, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa S.A.ren bidez. |
Aurrekontua | 2.999.372 € |
LIFE+ finantzaketa | 60% |
Iraupena | 2020ko abenduaren 31ra arte |