Izokin atlantikoa aurrera doa Bidasoan, ibaian gora eginez Elizondoko Txokoto urtegiraino
Oztopoak ezabatzeko estrategiak ahalbidetu du aurrerapen hori, gutxienez duela 30 urtetik ez baita horrelakorik egiaztatu ahal izan
Datua, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak, LIFE IREKIBAI proiektuaren barruan, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa publikoko eta Ingurumen Zaindegiko langileen bidez, aurrera daraman irrati-jarraipeneko programaren bidez egiaztatu ahal izan da. Gora egiteko garaian, eta emariaren baldintza egokiei esker, iaz ere hauteman zen presentzia egiaztatu ahal izan da ibaiaren arroaren goiko aldean. Teknikarien arabera, ibaian oztopoak kentzeko estrategiak ahalbidetu du aurrerapena, gutxienez duela 30 urtetik ez baita horrelakorik egiaztatu ahal izan puntu horretan.
Izokinak erabilitako azaleraren handitzea 2018an hauteman zen dagoeneko, hiru arrain (zeuden 28etatik) San Tiburcio urtegitik gora zeuden uretara heldu zirenean, eta horietako bat Iruritan dagoen Oharriz urtegira, Elizondotik 5 kilometrora. Aurten, gora egiteko garaiak datuak berretsi ditu, azken hamarkadetako joerari buelta emanez; izan ere, Bidasoaren erdialdearen eta behealdearen artean urtegi formako oztopo ugari eraikitzeak izokinak arroaren goiko aldera ezin iristea eragin zuen, garai batean egiten zuten bezala.
Aurten, migraziorako egokiak diren emariek eta arroaren egungo egoerak ale kopuru handia goiko aldera iristea ahalbidetu dute. Ohiz kanpoko gertaera hori hor dagoen arren, Oharrizko urtegia oztopo handia da oraindik migrazio horretarako, eta bertze hainbat ale urtegiaren oinetan daude, baina oraindik ez dute gainditzea lortu.
Nafarroako Gobernua, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoarekin batera, duela 15 urte baino gehiago hasi zen Bidasoa ibaiaren zatiketari buelta emateko lanean, erabiltzen ez ziren urtegi batzuk kenduz eta erabiltzen ari zirenen iragazkortasuna hobetuz. Gaur egun, Nafarroako Gobernuak, GAN-NIK enpresa publikoaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, LIFE IREKIBAI “Ibai irekiak: Nafarroak eta Gipuzkoak partekatzen dituzten ibaien konektibitatea eta habitatak hobetzen” proiektuan hartzen du parte. Proiektu horri esker, Bidasoaren arroan Endarlatsako, Berako edo Iturengo urtegiak kendu ahal izan dira, eta horiei bertze ekimen batzuen ondorioz eraitsitakoak gehitu behar zaizkie, Arraiozkoa eta Elgorriagakoa, hain zuzen ere.
Onurak izokinarentzat eta bertze espezie batzuentzat
Bidasoaren arroan egindako ahalegin horiei guztiei esker, izokin populazioa pixkanaka baina era iraunkorrean hobetu da, azken 10 urteotan 400 ale baino gehiagoko kopuruari eutsi baitio. Gaur egun 409 dira gora egitea lortu duten izokinak, eta baliteke kopuru hori handitzea, denboraldia ez baita oraindik amaitu. Gainera, iragazkortasun lanei esker, izokin gehiago iritsi dira arroaren erdiko eta goiko partera, eta, ondorioz, arrautzak jartzeko toki hobeak eta arrainkumeak hazteko baldintza egokiagoak izan ditzakete.
Duela urte gutxi arte, ale batek Bertiz pareraino iristeko gainditu behar zituen oztopo ugariak zirela eta, Reparaceako zubia (Bertiz) zen izokin kopuru txiki erregular batek heltzea lortzen zuen itsasoratzeko puntutik urrutien zegoen tokia. Aipatzekoa da, izokinaz gain, bere espezie laguntzaile guztiak, hala nola amuarraina, erretxina, aingira, kolaka edo lanproia ere, ibaiko iragazketa lanen onurak jasotzen ari direla.