Helburuak
Presek, presa txikiek, hodiek eta hainbat eraikuntza motak oztopoak sortzen dituzte gure ibaietan, eta ibaien berezko funtzionamendua eragozten dute. Horren ondorioz, ekosistemak aldatzen dira, eta horrek eragina du espezierik sentikorrenetan (ugaztun erdi urtarretan, hala nola bisoi europarrean eta muturluze piriniotarrean, eta arrainetan, hala nola izokin arruntean), espezie horien banaketa eremua murrizturik edo zatikaturik gelditzen baita. Horrek eraginda, taldeak elkarren artean ugaltzen dira; horrenbestez, isolamendu genetikoa gertatzen da, eta bestelako ondorioekin batera, espezieei murriztu egiten zaie beste presio batzuei aurre egiteko gaitasuna, espezieen biziraupena bera ere arriskuan jarrita.
Egoera konpontze aldera, ibai-kudeaketan ardura duten EAEko nahiz Nafarroako Administrazio Publikoek oztopo horietan esku-hartzeko lana hartu dute bere gain, jarduketa-ildo nagusi gisa. Erkidego bakoitzean arlo horretan eginiko lanez landara, azken urteotan halaber hainbat lankidetza-proiektu garatu dira, eta horren emaitza LIFE IREKIBAI izan da
IREKIBAIren helburu nagusia
Bidasoa eta Leitzaran ibaien arroetan kokaturiko Natura 2000ko guneetako Batasunaren Intereseko ibai habitaten eta espezieen kontserbazio egoera hobetzea.
Berariazko helburuak
Ibaiak lehengoratzea. Horretarako, presak eta presa txikiak ezabatuko dira edo pasabideak sortuko dira arrainek oztopo horiek gainditu ditzaten. Era berean, espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatuko dira, dibertsitate autoktonoa murrizten baitute; habitat hondatuak lehengoratzeko lanak eginen dira, eta ibaietako eragin jakin batzuk zuzenduko dira, hots, lanen kostuak eta onurak alderatuta onuragarrienak direnak.
Ibaiak kudeatzeari eta lehengoratzeari buruzko ezagutza hobetzea.
Proiektuaren bidez lorturiko emaitzak zabaltzea, eta herritarrak sentsibilizatzea gure ibaiek ingurumenari begira ematen dizkiguten balioez eta zerbitzuez.